Leitzako herrigunetik iparralderantz aterata, Plazaolako lehengo estaziorantz, horra iritsi baino metro batzuk lehentxeago ezkerrerantz dagoen errepideak Leitzalarrera garamatza. 8 Km eginda, Ixkibarren egonen gara.
Leitzalarrea paraje aparta da, naturaren ikuspuntutik garrantzitsua. Herriaren azaleraren erditsua du eta batez ere pagadiz eta hariztiz osatutako basoa da gehiena; larreak eta istordiak ere ugariak dira.
Leitzalarreko urak Leitzaran ibaiaren arrora eta Urumea ibaira isurtzen dira. Bada kasu bat, ordea, urtabearen arabera, bietara ere isurtzen dituena: Muñoko Loie iturriko urak normalean Urumeako isurikoak badira ere, euriteetan ura mendixkako bi paldetara joaki, iparralderanzkoek Leitzarango arroa dute isurleku.
Leitzalarrean han-hemen dauden monumentu megalitikoak pertsonon presentziaren antzinatasunaren lekuko eta froga dira; mendeetan zehar meatze-jarduera oparoa izan zen, eta orduko hondakinen eta burdinolen aztarna ugari daude oraindik. Egun abeltzaintza eta basogintza dira bertan egiten diren jarduera ekonomiko nagusiak.
Geroz eta jende gehiago etortzen da bisitan eremu honetara. Ixkibar, baso artean eta mendiz inguratuta, aisialdiko eremua da eta bertatik inguruetan dauden hainbat leku interesgarritara joan gaitezke.
Leitzako herriko lurretan, bertako zuhaitz eta zuhaixkez gain, mota askotako konifera espezieen aleak daude aldatuta. Paseotxo batek Aritzaundira bidera gaitzake.
Izaieta ikustera joatea ere gomendagarria da, bertan dauden izei zuri (Abies alba) ikusgarriak bisitatzera. Ia 40 m luze dira eta ondare natural izendapena dute.
Aitzmurdira ere joan gaitezke, eta bertan dauden mugarratutako pago eta haritz zaharrek beste garai batzuk oraitaraziko dizkigute, artzainez gain ikazkinak eta olagizonak paraje hauetan lan egin eta bizi zireneko garai haiek…
Leitzalarreko sekretuak aurkitu nahi ditugunok, hainbat eta hainbat ibilaldi egin ditzakegu hara eta hona, naturaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko dizkigutenak.